XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste gaietan erabili eta garatuko diren zenbait kontzeptu azaltzea da gai honen helburua.

Kontzeptu hauek oso arruntak dira informatikaren munduan eta ahalik eta modu errazenean adierazten saiatuko gara.

2.1.- HARDWARE-A ETA SOFTWARE-A

Memorian gordetako programa baten bidez kalkulatzeko makina automatiko, elektroniko eta digitalari konputagailua deritzogu.

Baina konputagailu bati dagozkion kontzeptu guztiak bi multzotan bana ditzakegu: alde batetik teknologiari dagozkionak eta bestetik informazioari eta programei dagozkienak.

Lehenengo kontzeptuak HARDWARE izenarekin biltzen ditugu, bigarrenak SOFTWARE izenarekin (batzutan TRESNERIA eta PROGRAMERIA hitzak ere erabiltzen dira).

Beraz defini ditzagun kontzeptu hauek:

HARDWAREa.- Teknologiari dagozkion edo ikuitzeko moduko osagaien multzoa da.

Zirkuituek, transistoreek, motoreek, memoriek, dispositiboek eta abarrek osatzen dute Hardware-a.

SOFTWAREa.- Informazioari dagozkion osagaien multzoan datza.

Konputagailuak funtzionatu ahal izateko behar dituen elementu ikusezinek osatzen dute multzo hau, hots, datuek, emaitzak eta batez ere programek.

Dena dela, oso kontzeptu kontrajarriak badirudite ere, funtzio bera hardwarearen bidez edo softwarearen bidez egin daiteke.

Horregatik Hardwarea eta Softwarea logikoki baliokideak direla esaten da.

Horrela biderkatzaile bat konputagailu batzutan zirkuituen bidez egiten da (HARDWAREaz), beste batzuetan berriz, batuketa-segida batez egindako programa baten bidez (SOFTWAREaz). Beste kasu batzutan ez dago oso garbi elementu bat edo gehiago hardware-ari edo software-ari dagozkion eta FIRMWARE kontzeptua sortzen da.

Horrela aurrerago aztertuko dugun mikroprogramazioa Hardware eta Sotfware bitartean dago eta FlRMWARE-aren barruan sailkatzen da.

2.2.- KONPUTAGAILUAREN OINARRIZKO BARNE-EGITURA

2.2.1.- OSAGAIAK

Babbagek asmatutako eskemari Von Neumann-en ideiak gehituz gaur egungo konputagailuen egitura lortzen da (ikus 2.1 irudia).

Definitu ditzagun osagaiak banan bana:

MEMORIA.- Unitate honetan informazioak bil daitezke geroago eskuratzeko.

Memorian, nahiz datuak nahiz programak gordetzen dira.

Memoria Nagusia edo Barne-Memoria (Memoria deritzona) eta Kanpo-Memoria bereizten dira.

Kanpo-Memoria S/I unitatearekin lotuta dago eta Memoria Nagusia berriz informazioa CPUrekin zuzenean lotuta dago.